XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

GRAMATIKA FORMAK

8.1 . Gure orainarteko eztabaidak, hizkuntza oro zeinu multzo batez, hizkuntza formez osaturik dagoela erakutsi digu.

Hizkuntz forma bakoitza, ale zeinugile, hots fonema konbinaketa zehatz bat da.

Hizkuntza guztietan, fonema kopurua eta gertatzen diren fonema-konbinaketa kopurua guztiz mugatuta daude.

Hizkuntz forma ahoskatuaz, hiztunak egoera bati erantzunarazten die entzuleei; egoera hau, eta honi emandako erantzunak, formaren hizkuntzazko esanahaia osatzen dute.

Hizkuntz forma bakoitzak esanahi zehatz eta iraunkorra duela ontzat hartu dugu, hizkuntza bereko beste edozein hizkuntz formaren esanahia ez bezalakoa dena.

Honela, hizkuntz forma beraren zenbait ahoskaldi entzutean, esaterako gose naiz, ondokoak egiatzat hartzen ditugu:

(1) soinu aldetiko ezberdintasunak garrantzigabeak direla (ez fonetikoak), (2) hiztun askoren egoerek ezaugarri komunik badutela, eta egoeron arteko aldeak garrantzigabeak direla (ez semantikoak), eta (3) hizkuntzazko esanahi hau hizkuntzako beste edozeinetik ezberdina dela.

Onarpen hau egiaztaezina dela ikusi dugu, hiztunaren egoerek eta entzulearen erantzunek munduko ia zeinahi gauza bil dezaketelako, eta, bereziki, beren kirio sistemen egoeraren araberakoa delako neurri handi batean.

Areago dena, hizkuntzaren historian zeharreko aldaketaz dihardugunean, gure onarpen hau betetzen ez den zenbait kasu aztertuko ditugu.

Orokorki, baina, hiztunek erarik landuenetako elkarlanean aritzeko gauza izateak onarpen hau bidezkoa dela erakusten digu.

Hizkuntza bat deskribatzean, elkarlan honen jokabidea delako gizarte batean delako garai batean dugu aztergai batik bat, eta ez bere lantzean behineko huts egiteak, edo bere historian zeharreko aldaketak.

Hala, bada, hizkuntzalaritzaren maila deskribatzailea, hizkera-formen azterketa lehor samarrak osatua da, hizkera formek zehatz daitezkeen esanahi iraunkorrak dituztelako onarpenari jarraituz.